Karrantza (ofizialki Valle de Carranza/Karrantza Harana) Bizkaiko mendebaldeko udalerri bat eta izen bereko harana da. Bizkaiko udalerririk zabalena da, eta Enkarterri eskualdearen mendebaldean dago kokatua. 2016. urtean 2.745 biztanle zituen.

Geografia fisikoa

Mugak

Karrantzak muga egiten du:

  • Iparraldean Guriezo haranarekin (Kantabria).
  • Hegoaldean Mena Haranarekin (Burgos).
  • Ekialdean Turtziozekin eta Villaverde Turtziozekin (Kantabria).
  • Mendebaldean Lanestosarekin, Soba haranarekin, Ramales de la Victoriarekin eta Rasinesekin (Kantabria).

Inguru naturala

Armañon ingurua parke naturala izendatua izan zen 2006ko irailean. Horrez gain, Ordunteko mendilerroa ere babestuta dago, udalerriaren hegoaldean daudenak. Iparraldean, aldiz, Peña del Moro eta Peña del Mazo mendiak ditugu, eta ipar-ekialdean Raneroko gailurra.

Bestela, ibairik nagusiena Karrantza ibaia da, Ason ibaiaren adarra dena. Beste ibai txiki batzuk ere badaude haranean: Seco, Callejo, Escaleras, Bernales, Cuadro eta Presa.

Historia

Karrantza haranean hainbat eta hainbat monumentu megalitiko daude,K. a. 35.000 urte ingurukoak, gizakiaren lehenengo aztarnak Erdi Paleolitokoak dira. Ventalaperrako kobazuloan (Molinar auzoan) idatzitako grabatuak, berriz, Goi Paleolitokoak dira, K.a. 25.000 urte inguruan egindakoak eta 1904an aurkitu zituztenak.

Bestalde, Erromatar Inperioaren aztarna nagusiak La Zorra de Tocornaleko leizean (Soscaño auzoan) topatutako III. mendeko txanponak dira, eta herria Carrantia izenarekin aipatzen da historian lehen aldiz VIII. mendean. Garai hartan, Asturiasko erregea Alfonso I.ak lurralde hauek kristautu zituen eta horrela lehenengo elizak eta kontzejuak sortu zituzten: Ahedo, Ibáñez edo Biañez, San Esteban, Sierra eta Soscaño. Karrantza errepublika moduan eratu zuten, eta XIII. mendea arte ez zuen Bizkaiarekin bat egiten hasi, Diego Lopez V.a Harokoa jaunaren garaian. Hala ere, hurrengo mendeetan erakunde propioak mantendu zituzten karrantzarrek eta Avellanedako (Sopuerta) Juntaren aginduei jarraitzen zieten. Azkenik, XVIII. mendeko hasieran batasun osoa sortu zuten Bizkaiko beste eskualdeekin.

Azken mendeetan, ohiko jarduerak izan diren nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera industria oso apala izan zuen haranak. Ondorioz, XIX. mendeko bigarren erdialdean migrazio mugimendu handiak izan ziren Karrantzatik beste leku batzuetara. Romualdo Chavarri indianoak trenbidea eramatea lortu zuen eta harekin batera industria eta ekonomia suspertu zituen.

(Wikipedia)